DIEGO VIVANCO

IF IT MOVES, IT’S ALIVE

Proiektu hau banderek eta bere erabilera sortzen duten lilurak pizten du, izan ere, banako edo taldeen komunikazio eta irudikapenerako elementu gisa nabarmen erabili izan da. K. a. VIII. mendean sortu omen ziren banderak, Erromako zibilizazioarekin batera. Harrigarria bezain iradokitzailea da forma eta kolore ezberdinetako zapi zati xume batek historian zehar izan duen garrantziaz jabetzea, eta oraindik ere hainbeste emozio eta gatazka pizteko gaitasuna izateak zer pentsatua ematen du. “If it moves, It’s alive” proiektuak bideoa, argazkia eta instalakuntza bitartez bandera eta bere funtzio desberdinei buruz itauntzen du, komunikazio eta kultura nortasun gaien inguruko hainbat hausnarketa eta galdera piztuz.

Diego Vivancok (Bilbo, 1988) UPV/EHUn Arte Ederretan (Ikus-entzunezko espezialitatea) lizentziatu ondoren, bi graduondo egin ditu Alemanian; bata, Leipzigen Media Art alorrean eta bestea, Denboran oinarritutako artean Halle hirian. Bere ibilbide artistikoan zehar hainbat sari, beka eta egonaldi jaso ditu, esaterako New Yorkeko Guggenheim Museoan edo Austriako Linz hiriko Salzamt artegunean burututakoak. 2013an Situation room kolektiboaren sorreran parte hartu zuen, eta talde honekin site-specific instalakuntzak ekoizten jarraitzen du. 2008tik bere lana aldizka aurkeztu izan du 10 herrialde baino gehiagotan, Guggenheim Bilbao Museoan edo Leipzigeko Eigen Art arte-galeria bezalako erakundeetan.

Diego Vivancoren praktika artistiko kontzeptualak gizarte, politika eta kultura testuinguruak zalantzan jartzen ditu haien tentsio eremuak nabarmentzeko asmoarekin, bideoa, instalakuntza eta performancea uztartuta. Jardun honek bere errealitatea eraldatu eta sekulako eragin faktore batean bilakatzen du, ingurune berriak bilatzera bultzatuz. Bere lana ezarritako botereak etengabe zalantzan jartzeko gonbidapen modura ulertzen du.

Diego Vivancoren “If it moves, It’s alive” proiektua honako hauek osatutako epaimahaiak hautatu du: Bitamine Faktoriako lantaldea; Cecilia Guerra Lage irakasle, ikertzaile eta saiakeragilea; Gustavo de Leonardis, Universidad Nacional de las Artes-eko irakasle eta konpositorea; eta Leyre Goikoetxea Martínez komisaria.

diegovivanco.net