IZARO IEREGI

TIME FOR LOVE
Izaro Ieregi (Algorta, 1987)

Time For Love proiektuak urtebete baino gehiagoko ikerketa lana barnebiltzen du. 2015eko udan zehar hainbat bisitaldi burutu nituen Lazkaoko Beneditarren Fundazioko dokumentazio gunera eta Euskal Herriko mugimendu sozial ezberdinen pegatinen bilduma zabala osotu nuen. Material honek errepresentatutako imajinen deskontestualizazioan lan egiteko aitzakia bezala balio dit. Interes propioengatik izaera performatiboa daukaten imajinetan jartzen dut arreta, ekintza, gorputza eta indarkeria ekartzen dutenak. Proiektu honek talde sozialen subjektibitatearen inguruan jarduten du, nola sortzen den, nola eusten den, modu honetan errepresentazioa eta imajinen pertzepzioa zalantzan jartzeko, horregatik nire testuinguru propiotik ateratzea garrantzizkoa ikusi dut, errealitatea zeinu bezala ikusteko, hau da, zero-gradura itzultzeko.

Imajina hauen aukeraketa batetik idatzitako partitura batean oinarritzen den ariketen metodologia bat ezarri dut. “Grado Cero” izena hartzen duten ariketa hauen bitartez, komunitate baten mekanismo ideologikoak bistaratzen saiatzen naiz, kasu honetan garai historikoak bizi dituen komunitatea. Lehenengo ariketak Bilbon gauzatu ziren, gerora Xiamen hirian (Txina) eta orain Buenos Airesen gauzatuko dira, EAS-EZE programaren baitan. Ariketak funtsean filmaketa eta argazki saio ezberdinen gauzatzean oinarritzen dira, parte hartzen duten performerrak medio. Ekintza hauek egituratzen dituzten elementuak artxiboa, partitura, gorputzak/figurak eta ondorengo dokumentua direlarik.

Niretzako etorkizuneko auzi bat da, mugimendu sozialen artxiboekin lan egiten duen biharko egunerako ardura bat, errelatoan pentsatzera zein historia deszentratu bat idaztera garamana, sarbide estetiko batetik abiatuta.


Izaro Ieregi artistaren lanean eskultura, bideoa eta manifestazio kultural ezberdinen estetikak elkargurutzatzen dira. 2010ean lizentziatu zen Arte Ederretan UPV-EHUn, eta bere lehenengo bakarkako erakusketa Txinako CEAC espazioan (2017) izan da eta Arizko Dorretxeko hurrengo erakusketa prestatzen dabil momentu honetan. Honakoetan ere aurkeztu du bere lana, besteak beste: Bilboko Guggenheim Museoan (2017), Manchesterreko NY Spacen (2016), Getxoarten (2016), Bilbao Arte Fundazioan (2016) eta Madrilgo UCMn (2015). Bilbon egoitza duen OKELA espazioaren kide fundatzaileetako bat da.

www.izaroieregi.com

Buenos Aireseko argazkiak: Malena Martínez Riva