
Manka
HAU Euskal Herriko objektu tradizionalaren diseinu lehiaketak euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzea du xede. Batetik, deialdiak gure tradizioan ikerketa sustatzen du, usadioak eta ohiturak ezagutu eta berreskuratzeko; bestetik, objektu tradizionalak egokitu, berritu eta berrinterpretatzea bultzatzen du, diseinu garaikidearen begiradatik. Horrela, gure historiarekin lotura berriak sortzen dira, baita diseinu alorrean ikerketa-ildoak urratu eta ekintza-eremuak zabaldu ere.
HAU lehiaketak gure esperientzia etnografikoaren aztarnak berreskuratzen ditu, diseinuaren jardunaren bitartez, tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko loturak sendotze aldera. Artisau diseinuaren errespetua eta aitorpena gaur egungo industria-diseinuak duen esperimentaziorako gaitasuna eta ahalmena uztartzen ditu.
Edizio honetan hauek dira epaimahaia osatu dutenak: Maite Errarte Zurutuza(Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko zuzendaria), Elisabeth Urrutia Bea (industria-diseinatzailea), Arkaitz Olea Herrero (San Telmo Museoko bitartekaritza arduraduna), Xabier Llordes Arratibel (EIDE Euskadiko eta Nafarroako diseinatzaile industrialak, grafikoak eta espazioetakoak biltzen dituen elkarte profesionalaren arduraduna), Enrique Arrillaga Arizaga (Muebles LUFE), Nagore Lauroba Izaguirre, industria diseinuko graduaren koordinatzailea (Mondragon Unibertsitatea-Goi Eskola Politeknikoa) eta Helga Massetani Piemonte (Bitamineren zuzendaria).
Lehiaketara aurkeztutako proiektuak berrikusi ondoren, epaimahaikideek iritziak trukatu dituzte, eta bat datoz haien maila bikaina baloratzeko unean. Baita proposatutako objektuaren diseinua, ontzitegia, arasa, zehazki manka izenekoa, ikertzen eta eguneratzen parte hartu duten pertsona guztiek egin duten lan merezigarri eta azpimarragarria baloratzean ere.
Deialdiaren bosgarren oinarrian zehazten den bezala, Epaimahiak jarraian zehazten diren irizpideen arabera baloratu ditu jasotako lanak: diseinuaren funtzionaltasuna; jatorrizko diseinuari erantsitako ekarpen berritzaileak; diseinuaren bideragarritasun ekonomikoa, balizko merkaturatzea aintzat hartuz; jatorrizko diseinuarekiko diseinu berriak duen doitasuna; diseinu berriaren gauzatze-kalitatea; diseinu formala; eta jasangarritasuna eta ingurumen-eragina.
Lan guztiak aztertu eta baloratu ondoren, eta dagozkion eztabaidak egin ondoren, NORA GONDATek aurkeztutako BATU proiektuari eman dio epaimahaiak saria.
BATU proiektuak tradizionala eta garaikidea uztartzen jakin du, hiru alderditan oinarritutako berrikuntzak aurkezten dituen diseinuarekin: estetika, materiala eta fabrikazio-prozesua, eta funtzionaltasuna. Arasa egungo bizimoduetara egokitzen jakin du, merkatuan sartzeko produktu moldakor, modular eta bideragarri bat proposatuz. Altzariaren grafika euskal ikur identitarioei lotuta dago, tailla tradizionala gogorarazten duena.
Epaimahaiak, saritutako proiektuarekin batera erakusteko, alde batetik, aipamen berezia lortu duten proiektuak nabarmendu ditu:
Malen Deniz Ayerbe – EGUZKILORE
Epaimahaiak aipamen batekin nabarmendu du EGUZKILORE proiektua, mankaren esentziari eustea planteatzen duena: garrantzitsua dena babesteko, baliotsua dena eta transmititu nahi dena gordetzeko espazio bat, lerro garbien eta proportzio orekatuen diseinu gaurkotuagoa aurkeztuz.
Ane Arsuaga Iraola – MIKA
Epaimahaiak aipamen batekin nabarmendu du MIKA proiektua. Arasa baten funtsa mantentzen du, biltegiratzeko espazio zabala duena, eta egungo behar eta estetikekin bat datorren diseinua du, lerro soilekin. Marko periferikoak plano desberdinen arteko bolumen-jokoa sortzen du, tailla tradizionalak nolabait betetzen zuen funtzioa.
Eta erakusketaren parte izateko, hauek izan dira hautatutako proiektuak:
NÄRA - MAITANE URKIOLA MARTINEZ
OREKA - IDOIA BASTARRICA AMANTEGUI
MODULU
MADDI XU PERSONA HUICI
OIHANE BURINAGA LÓPEZ
NORA ITURRALDE CASTRO
BINGEN LARRAÑAGA LETE
IRATI MENDEZ ITURRIOZ
ENERITZ SAGASTUME DOÑATE
NAHIA - SHEILA MARTINEZ
ZAGUERO - NATALIA INOSTROSA REYNAUD
Galería
PARTICIPANTS OF THE COMMUNITY









