
2024
Pena da hormigoiak su ez hartzea
RAQUEL MEYERS
Bitamine Kultur Elkarteak, mugaren inguruko ikerketa artistikoa, kulturala eta soziala garatzeko gelak (Irun, Euskadi), eta Casa Planas. Imagen y Turismo Fundazioak (Palma) beka-programa bat sustatu dute 2024an, Euskadin bizi diren ikertzaileei zuzendua.
Programa honen helburua da turismoak ikuspegi soziokulturaletik duen eraginari buruz hausnartzen duten proiektuak garatzea eta sortzea. Casa Planaseko Turismoaren Artxiboa (Planas Archive) da ikerketaren abiapuntua.
Kanpo-proiekzioko beren estrategien eta lurralde nazionaleko konektibitate berrien bitartez, bi egiturak 2022an hasi ziren elkarlanean, ikerketa eta sorkuntza garaikidea sustatzeko. Bien xedea da eztabaidako eta pentsamendu kritikoko esparruak sortzea, desplazamenduei buruzko azterketa-modu berriak birpentsatzeko, ardura handiagoz, errespetuz eta arretaz, ikuspegi ekosozial eta dekolonialetik.
Horren haritik, deialdi bat egin dute ikerketa artistikoko proiektuetarako, Euskadin bizi diren eta lan egiten duten artista, ikertzaile, komisario eta abarrei zuzenduta, diziplina edo azterketa-eremua mugatu gabe.
DESPLAZAMENDUAK / DESPLAZAMIENTOS beka aukera paregabea da Casa Planasen egoitzan (Palma) ikerketa aktibatzeko, hilabeteko egonaldi gisa, eta gero Euskadin bukatzeko, Bitamineren espazioan (Bidasoako eskualdea).
Raquel Meyersen “Pena da hormigoiak su ez hartzea” proiektua hautatu da.
Ikerketa egiteaz gain, bestelako jarduerak ere antolatu ziren, artistak emaitzak aurkezteko, batetik Casa Planasek 2025eko urrian Palman antolatu zuen COSTA Nazioarteko Biltzarraren esparruan (Turismo eta Kultura Jasangarriaren Behatokia), eta bestetik Euskadin egindako aurkezpen publikoen harira. Argitalpen honetan bildu dira emaitzak.
Desplazamenduak / Desplazamientos #1 bekaren esparruan egindako ikerketa artistikoa abiapuntutzat hartuta, Raquel Meyersek eraikitzen duen entsegu hedatu formako tresna kritikoak aurrerabidearen hondakinak nahasten ditu, eta mirari modernoaren beste aldea erakusten digu: hormigoia kontrolaren, turismo gutiziatsuaren, hirigintza baztertzailearen eta ahanzturaren arkitekturaren sinbolo gisa. Pena da hormigoiak su ez hartzea probokazio bat da, baina ez zaio materiari berari zuzentzen, baizik eta bizitzeko egokia ez den mundu baten oinarri bihurtu duen ereduari.
Raquelek, behatu ez ezik, galdetu ere egiten du. Palman eta Irunen kokatuta, proiektu hau kapitalismo berantiarraren arkeologia emozional eta politikoa da: turismoa, zementua, kanporatzea, eskastasuna, algoritmoak eta gizarte-mailak. Collage bat egiten du memoria, artxiboa, teletestua eta babestu ordez uxatu egiten duen hirigintza erabiliz.
Meyersen begirada erradikala da: ez dago erredentziorik artistak bidaltzen digun posta-txartelean. Haren kritika 70eko hamarkadetako lerroburuen eta gaur egungo adierazpenen artean sartzen da, eta agerian uzten du garapenaren kontakizun ofiziala itxura garbitzeko
operazio estetiko bat izan dela betidanik. Izan ere, hormigoiak ez du su hartzen, baina ito egiten du. Izan ere, modernitateak ez zituen etxeak sortu, baizik eta merkatuak. Izan ere, Harveyk dioen bezala, hiria jada ez da bizitzeko toki bat, baizik eta metatzeko toki bat. Eta, izan ere, Fisherrek gogorarazten digun bezala, besterik imajinatu ere ezin izatea lortu du kapitalismoak.
Liburu honek ez du irtenbiderik eskaintzen, ezta oroiminik ere. Oihu bat da ertzetatik, militantzia bat iruditik, sabotaje-keinu bat alderdi publikoa heztearen eta alderdi komuna merkantilizatzearen aurka. Gogorarazten digu, deseroso, aurrerabide izenez ezagutzen dugun hori desberdinkeria, desilusioa eta deserrotzea sortzeko makina izan zela —eta hala dela oraindik ere—. Eremu publikoa eta komuna gure habitata dela, eta galtzen ari garela.
Hormigoia ez dago gori-gori, baina bai beste hiri bat, beste paisaia bat, bizitzeko beste modu bat imajinatzeko premia.
Helga Massetani Piemonte - Bitamine
Raquel Meyersen proiektua oso interesgarria da mugitzen ez denaz hitz egiteko: hormigoia. XX. mendeko asmakari handia da. Azken 100 urteetan, gure paisaia eta imajinarioa hondatu ditu, eta turismo-paisaiaren testuinguru bihurtu da, ikusezin bihurtzeraino.
Casa Planasen ekoizpeneko 5.000 posta-txarteletatik baino gehiagotatik, harrigarria izan da ikustea nola hormigoia haien % 80an den nagusi, modernitatearen eta aurrerabidearen irudi gisa eta desiragai edo mirespengai. Irakurketa horretatik harago, eraikuntza horiek ur asko kontsumitzen dute, eta betiereko hondakina uzten dute planetan. Ikuspegi kontzienteago horren errealitateak beharrezko bihurtzen du gure paisaiak eta imajinarioak berrikustea.
Ikerketa artistiko hori baliagarria zaigu ulertzeko nola integratu dugun zimendatzeko nahia, “Mediterraneoan zuri zoragarri bat” eraikitzeko ideia normalizatzeraino. Raquel Meyersek aurkitutako dokumentazioak Espainia frankistako booma nabarmentzen laguntzen du, eta, adibide gisa, Irun (industriara bideratua) eta Palma (turismora bideratua) erabiltzen ditu.
Alelí Mirelman - Casa Planas
Galeria
KOMUNITATEAREN PARTE-HARTZAILEAK










